KONTUZ, ESKUBIDE URRAKETA!

by - 3.10.20


Irailak 30ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako, Irailak 5eko 700/2020 Foru Aginduaren hedapenak dioena begietsita, beste behin, egoitza eta laguntza bidezko etxeen erabiltzaileek beraien eskubideak zapalduta ikusi dituzte. 

Neurri berri hauen zergatia oraindik ulertu ezinean daudela, laguntza gabe kalera ezin direla irten onartu beharra dute. Gipuzkoako Aldundiaren ustetan, hauek babesten ari direla pentsatuko dute ziur, baina errealitatean, hauek, lagunengandik, bizilagunengandik, gizartetik, mundutik, bizitzatik isolatzen ari dira. Komunitatean bizi daitekeen beste auzotar integratu baten gisan bizitzeko eskubidea ukatzen ari dira.            

Egoitzetako pertsona erabiltzaileak, behin eta berriz beraien eskubideak nola urratzen diren ikusten ari diren bitartean, etxebizitza partikularretan bizi garenok, ezgaitasunen bat izan ala ez, ezespen gutxi dituen bizitza egiten ari gara (eta hauek askotan guk geuk horrela onartuta). Bizilagun heldu gisa tratatu baino gaindituak ziruditen modeloetara bueltatzen ari garela dirudi. Modelo hauek ezgaitasunak zituzten pertsonen bizitza infantilizatzeaz gain hiritarra bere osotasunean izateko kondizioa ere ezeztatu egiten zitzaien.            

Alarma egoera osoan, beste Gipuzkoako hiritarrak ez bezala, beraien egoitzetatik atera ezinean egon dira, hauek 2 hilabete gehiago pairatu dutelarik. Beraien familiarrak distantzian eta mota guztietako murrizketekin ikusi dituzte, beraien kanpo-irteerak denbora, jarduera eta espazioan guztiz mugatuta egon dira.  Agindu hau argitaratuta, nahiz pertsona autogestoreak izan, ezin dira bakarrik kalera irten, inoiz. Soilik “haurtzain” batekin atera daitezke, astean bitan eta ordubetez. Eremu itxietara joan ezin direnez ezin beraien gauza pertsonalak erosi, beraien irteerak soilik gune irekietara izan daitezke, ezin dira arropa, janaria, gorputza garbitzeko edota botika produktuak erostera irten. Kalera ateratzeari eta zein bizitza nahi duten edota zer kontsumitu nahi duten aukeratzeari utziko diote, pertsona autodeterminatu izateari utziko diote. Gizarte baztertuak izatera bueltatuko dira. 

Hiritar gisa beraien eskubideak guztiz urratzen ari dira, eta babespean egoteko aitzakiarekin giltzaperatzen ari zaie. Baina erabakiak beregain hartzen dituzten pertsona helduak dira eta hau, ezeztatu egin zaie.                      

Hemendik, hainbeste urtetan borrokatutako eskubideak narrutzen ari direla uste dugu, eta hauek babesteko eskua luzatzen diegu. Beraiengan konfiantza erakustea garrantzitsua da. Gai diren pertsonak, pertsona arduradunak, hilabeteetan sakrifizio handi bat egiteko gai direla erakutsi duten pertsonak dira. Baina ezin eskatu ahal ezin duten hori.                                    

Aldundiaren Agindu hau behin-betikoa denez, (soilik epaitegietan administrazioarekiko auzi errekurtsoa egin daiteke), hain injustua den arau hau betetzea kondenatuak daude nahiz beraien bizitza kalitatearentzat, eskubideentzat, autodeterminazio, garapen pertsonal, inklusio sozial, pertsonarteko erlazio, ongizate emozional eta fisikoarentzat kaltegarria izan.

You May Also Like

0 comments